Zinez eta gordin

2022ko martxoaren 8an Itaiak «Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki!» lelopean egindako 32 mobilizazioetan entzun zen poema hau.

Haizatzen dabil


zentzu komunaren


mesedetara,

zilborraren laketa.

Norberarengan hasi eta

amaitzen dela

borroka bera.

Ezin zertu daiteke baina

lortu ezina dena,

porroterako baimena

zertzen baita horrela.

Askearen ordainetan,

zorretan gabiltza.

Haizearen kontrara,

baina zurrunbiloan bertan.

Kontrolpean baitute

haizearen norantza,

inarroste zital

eta latza.

Baina zerk bihurtzen du

baten nahia ahalmen?

Boterea daukala diosku

gizarte honetako emakumeak.

Nork izango du boterea,

Nor izango da askea,

miseria bada guk bizi duguna?

Baina zerk egiten du astun bizitza?

zerk du atxilo askatasuna?

Dirua da

boterearen haria,

hura daukanak harilkatzen baitu egun,

besteon bizi ala ez bizitzea.


Erasoak, erailketak,

presioa,

nahasmenak,

garrasia.

Jipoiak,

mehatxuak,

hilzoria.

Makurra da bizi duguna.

Bortitz eta sakon,

edonola ere,

eskapu egitea;

amilean,

hertsiki bizi,

eta irautea.


Baina ez da deus hutsala; 


agerian daukagu

benetan dena.

Zer nahi ez duguna,

ta nahi dugula dena.

Zinez eta gordin,

etorkizun askea

galde,

eta egitea.

Ez zaigu berriro ere

azalean iltzatuko begirada.

Egiari bide eman,

eta noranztuko dugu;

haizerik gogorrenaren kontra,

inarrostez zein ferekaz,

hurrenaren ibilera.

Den-dena lortzeko.

Guztiok

benetan askatuko gaituen

haize samaldan ibiltzeko.

Mundu zaharraren zutarriak suntsitu,

eta berri batenak eraikitzeko.

Benetan zentzu komunista haizatu

eta sozialismoa egikaritzeko.